Atzo eguerdi inguruan iritsi ginen Shuar herrixka honetara, "El Venado" izeneko herritik gertu, Guayas probintzian. Eskuzabaltasun osoz hartu gintuzten, eta yuca kantitate exageratu bat irentsi ondoren, gela bat ere utzi ziguten lo egiteko. Gure bizkar nekatuen eta botikek eragindako zorabioen zoritxarrerako ordea, atrakzio turistiko bihurtu ginen han zebiltzan hiruzpalau neskatilentzako. Eltxoak edonon zeuden, baina neskatila haiek ere bai.
Gazteenak zazpi bat urte izango zituen, txiki txikia eta argala zen, eta soineko koloretsu bat zeraman jantzita, Sylvana zeukan izena. Ionen oso lagun egin zen, eta nagusitzean modelo izan nahi zuela azaldu zion, soineko garestiak jantzi, bitxi diztiratsuak erosi eta modelo ederrek egiten dituzten bestelako gauzak egin. Sylvanaren aita herrixkako uwishin-a omen zen, Shuarren chamana, eta bere amak berriz herriko nesken soinekoak josten igarotzen zuen eguna. Sylvanaren soinekoa ere bere amak josi omen zion, lan bikaina nolanahi ere.
Hala ere, Sylvanaren ametsa betetzeko zerbait falta zen. Herrixka ondoko errekan garbitzen saiatzen zen arren, ileak korapilatsu eta nahasia jarraitzen zuen. Ez zeukan orrazirik eta ez zuen inoiz horrelakorik ikusi, nahiz eta zer zen ondo baino hobe jakin.
Rubeni bere lehengusu txikia gogorarazten zion, Mirenek ere modelo izan nahi zuen nagusitzean, baina Mirenen soinekoak "Zara"-n erositakoak ziren, eta bere ilehori luzea egunero orrazten zuen bere arroxa koloreko orraziarekin. Biek izan nahi zuten herriko neskarik lirainenak, Batek"Miss Legazpi" eta besteak "Miss Shuar".
Zorabioek tarte bat utzi zioten une batean, Ainhoak bere orrazia eskaini zion Sylvanari. Deskriba ezin litekeen irrifar batek gurutzatu zuen neskatilatxoaren aurpegia. Ahizpa bezalakoa izango zela oihukatzen hasi zen, ahizpa bezain lirain eta ederra, eta Shuar herrixkako ehiztari abilenek emaztetzat hartu nahiko zutela, ahizpa bezala.
Bere ahizpa ezagutu nahi genuela esan genionean ordea, aurpegia guztiz goibeldu zitzaion Sylvanari. Bere ahizpa "moskitoaren gaixotasunak" joan den urtean eraman zuela esan zigun.
Orrazia eskuratu zuen, baina Sylvana burumakur joan zen ohera. Gu ere bai.