13:54 | Author: txipiroisaltsa
2:14 | Author: txipiroisaltsa
1:58 | Author: txipiroisaltsa
Atzo eguerdi inguruan iritsi ginen Shuar herrixka honetara, "El Venado" izeneko herritik gertu, Guayas probintzian. Eskuzabaltasun osoz hartu gintuzten, eta yuca kantitate exageratu bat irentsi ondoren, gela bat ere utzi ziguten lo egiteko. Gure bizkar nekatuen eta botikek eragindako zorabioen zoritxarrerako ordea, atrakzio turistiko bihurtu ginen han zebiltzan hiruzpalau neskatilentzako. Eltxoak edonon zeuden, baina neskatila haiek ere bai.

Gazteenak zazpi bat urte izango zituen, txiki txikia eta argala zen, eta soineko koloretsu bat zeraman jantzita, Sylvana zeukan izena. Ionen oso lagun egin zen, eta nagusitzean modelo izan nahi zuela azaldu zion, soineko garestiak jantzi, bitxi diztiratsuak erosi eta modelo ederrek egiten dituzten bestelako gauzak egin. Sylvanaren aita herrixkako uwishin-a omen zen, Shuarren chamana, eta bere amak berriz herriko nesken soinekoak josten igarotzen zuen eguna. Sylvanaren soinekoa ere bere amak josi omen zion, lan bikaina nolanahi ere.

Hala ere, Sylvanaren ametsa betetzeko zerbait falta zen. Herrixka ondoko errekan garbitzen saiatzen zen arren, ileak korapilatsu eta nahasia jarraitzen zuen. Ez zeukan orrazirik eta ez zuen inoiz horrelakorik ikusi, nahiz eta zer zen ondo baino hobe jakin.

Rubeni bere lehengusu txikia gogorarazten zion, Mirenek ere modelo izan nahi zuen nagusitzean, baina Mirenen soinekoak "Zara"-n erositakoak ziren, eta bere ilehori luzea egunero orrazten zuen bere arroxa koloreko orraziarekin. Biek izan nahi zuten herriko neskarik lirainenak, Batek"Miss Legazpi" eta besteak "Miss Shuar".

Zorabioek tarte bat utzi zioten une batean, Ainhoak bere orrazia eskaini zion Sylvanari. Deskriba ezin litekeen irrifar batek gurutzatu zuen neskatilatxoaren aurpegia. Ahizpa bezalakoa izango zela oihukatzen hasi zen, ahizpa bezain lirain eta ederra, eta Shuar herrixkako ehiztari abilenek emaztetzat hartu nahiko zutela, ahizpa bezala.

Bere ahizpa ezagutu nahi genuela esan genionean ordea, aurpegia guztiz goibeldu zitzaion Sylvanari. Bere ahizpa "moskitoaren gaixotasunak" joan den urtean eraman zuela esan zigun.

Orrazia eskuratu zuen, baina Sylvana burumakur joan zen ohera. Gu ere bai.
7:25 | Author: txipiroisaltsa
Iparra aspaldi galdu zuten lau gazteren istorioa da hau, urteetan norabidea berreskuratzen saiatu eta gero amore eman dutenak. Gaur, beraien bizitzaren atal berri bat hasiko dute, iparra alde batera utzi eta hegoaren bila hasiko dira.

Hau da Ekuadorren eta bertako herritarren barrenak ezagutu asmoz abian jarritako bidai birtuala. Eta hauek dira lau bidaiariak:


Ainhoa, taldearen zaindari: Taldeko neska, oraindik iparra galdu ez duen partaide bakarra. Larunbat gau, zein bestelakoetan koherentzia ekarri izaten du taldera. Asper asper eginda dago, eta berak ere iparra galdu nahi du.

Ion, exotismo istorikoa: Txinatarra da berez, nahiz eta arrasto orientalik ez izan eta azken 24 urteak Legazpin igaro. Marka guztiak hausteko kapaz da, hilabete Shangai-en pasa eta "kaixo" soilik ikastearekin komunikatzeko gaitasuna haren lekuko da.

Ruben, oo, oo, oo: Realzale amorratua, bere animoen oihartzunak oraindik jende askoren buruetan orauten du. Anoetara iritsi eta bere ahotsa entzun arte beste gauza bat ziren Pürk, Cvitanovic, Demetradze eta bestelakoak.

Ibon, sexia: Taldeko guapoa, nahiz eta larunbat gauetan transformatzeko abilezia erakutsi. Astean zehar modelo bezala lan egiten du, eta asteburua iristean arnasari eusteari uzten dio.